XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sortu, izan eta bizi, nolabaiteko zuztar-kontzeptu hirukoitza eman digu Elissanburuk imajin poetikoez; baina bizitza honetan iraun ahal izateko, baserritarrak eduki behar duena ere esaten digu: familia eta ganadu-jendea alde batetik, eta bestetik jana eta lana.

Etxebarnean etxekojaunak inor izan nahi badu, guzti horren nagusitzan ihardun beharko du, guzti hori hartu beharko du bere gain: etxeko nagusi izanaz izango bait da inor.

Badauka familia: badut andrea, badut semea, alaba ere badut nik.

Badauka ganadu-jendea: hiru behiak...txerriak...bi idi....

Badauzka lan-baldintzak: etxean ditut nereak, akuilu, aitzur, goldeak, uztarri eta edeak; otordua ere izango du: nausia naiz mahainean.

Ni eta nirea, naizena eta daukadana; bi giltzarri horien arteko harremana dateke Elissanburuk aditzera ematen duena; baserri-ideologiaren gakoa, alegia.

Bakoizti-ideologiaren imajineria bete-betean legoke poema honetan, askikortasuna adierazita legoke.

Egia da baserritarrak ez duela ideologia hori izan eta, izan duena izan duela, ideologia ez du berdin bizi eta adierazi, baina hizkuntzean landurik dauzkan ikonoek antzeko errealitate bat isladatzen dutelakoan nago.

Hegazti-metaforan ikertuaz hori da behintzat agerian utzi nahiko nukena.

Animalien artean hegaztia da leku-adierazlerik oparoena, baserritarrari bere lekua aurkezten diona, baserria aurrez-aurre begibistan ezartzen diona.

Lurraren oinarria eta bertakoitasuna baserritarrak hegaztiari begiratuaz imajinatu dituela dirudi: (...).